2014(e)ko maiatzaren 2(a), ostirala

"Udaberriko Bertso Saioak" Bilbon 30 urte bertsotan


Udaberriko Bertso Saioak Bilbon
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Santutxuko Bertso Eskolarekin lankidetzan sustatzen duen “Udaberriko Bertso Saioak” jaialdiak hogeita hamar urte beteko ditu aurtengo edizioan, Bizkaiko hiriburuan antolatzen diren kultur-programarik beteranoenetakoa bilakatu delarik. Jaialdiak, bertsolaritzako izenik handienak bilduko ditu berriz ere, tartean Euskal Herriko azken hiru txapeldunak.
Ohi denez, Kultura Barrutik udal programari atxikitako “Udaberriko Bertso Saioak” maiatzean egingo dira. Zehazkiago esanda, zapatuetan, hilak 3, 10 eta 17, 13:00etatik aurrera. Santutxuko Karmelo plazan egingo diren saio hauetarako, launa bertsolari partaide izango dituzten hiru erakustaldi tradizional programatu dira, eta bertako Bertso Eskola arduratuko da gaiak jartzeaz.
Aurreko edizioetan bezalaxe, Jaialdiaren osagarri gisa, horren konbentzionala ez den beste ekitali bat ere antolatuko da. Oraingo honetan, bertso kalejira bat egingo da auzoko zenbait tabernatan zehar. Ekitaldi hau barikuan, maiatzak 30, 20:00etatik aurrera egingo da, Ricardo Bastida plazatik abiatuta, eta lau aldiz Euskal Herriko txapela irabazi duen Andoni Egaña izango du protagonista nagusia (“Udaberriko Bertso Saioen” orain arteko edizio ia guztietan parte hartu du). Egañarekin batera, Santutxuko Bertso Eskolatik sortutako bi bertsolari gaztek ere parte hartuko dute: bi aldiz Bizkaiko txapelduna izan den Arkaitz Estiballesek eta Oihana Bartrak.
Andoni Egañaren ondoan —Euskal Herriko Txapelduna 1993, 1997, 2001 eta 2005ean—, 2009ko txapela irabazi zuen Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallus 2013ko azken txapeldunak ere parte hartuko dute “Udaberriko Bertso Saioen” aurtengo edizioan. Hauekin batera, bertsolari-belaunaldi desberdinen ordezkariak taularatuko dira, hala nola, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Alaia Martin, Jone Uria, Jon Maia, Miren Amuriza eta Fredi Paia.
“Udaberriko Bertso Saioak” Kultura Barrutik delako programaren barruan antolatzen da. Marka honek, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urte osoan eta Bilboko barruti guztietan, antzerkia, dantza, musika, ikusentzunezko ikastaro eta proiekzioak, erakusketak, folklorea, jardunaldiak, magia, zirkua, tailerrak eta ikastaroak uztartuz antolatzen duen kultur jardueren eskaintza zabala biltzen du.

Udaberriko Bertso Saioak, Bilbon
Udaberriko Bertso Saioak Bilbon (Programa)
PROGRAMA OSOA“Udaberriko Bertso Saioak” maiatzaren 3tik 30era bitartean egingo da aurten, programa honi jarraiki:
ZAPATUA, MAIATZAK 3: Santutxuko Karmelo Plazan. 13: 00etan
Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi
ZAPATUA, MAIATZAK 10: Santutxuko Karmelo Plazan. 13: 00etan
Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Alaia Martin
ZAPATUA, MAIATZAK 17: Santutxuko Karmelo Plazan. 13:00etan
Jone Uria, Jon Maia, Miren Amuriza eta Fredi Paia
BARIKUA, MAIATZAK 30: 20:00etan, bertso kalejira Ricardo Bastida plazatik (Baztertxu taberna) abiatu eta Karmelo plazan (Dacca), Karmeloko galerietan (El Rincón) eta Santa Klara kalean (Zirkilu) zehar, Zona (Guretxe) eta Iturriaga kaleraino (Kiski’s).
Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes eta Oihana Bartra

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina